28 Jul 2020

Repsolek eta Nortegasek ibilgailuetarako gas naturalaren hornidura-puntuen sarea irekitzea adostu dute

• Repsolen eta Nortegasen arteko aliantza estrategikoari esker, Grupo Repsolen gasolindegietan jendeak eskuragarri izango du ibilgailuetarako gas naturalaz hornitzeko puntuen sare bat, Euskal Autonomia Erkidegoan, Kantabrian eta Asturiasen nagusiki.

• Aste honetan bertan hasi dira hitzarmen honetako lehenengo gasdegia egiteko lanak, Repsolek Sestaon (Bizkaia) daukan gasolindegi batean.

• Gainera, identifikatu dira gasdegiak egiteko toki gehiago eta berehala hasiko dira eraiki aurreko lanak. Bata Madrilen egongo da eta bestea Gipuzkoan.

• Ekimen horrekin, bi konpainiek ibilgailuetarako gas naturalaren alde egindako apustua berretsi dute, bestelako energien erabilera sustatzeko estrategiaren parte gisa.

• Lehenengo hornidura-punturako, konpainiek 400.000 euro inguruko inbertsioa egingo dute, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) laguntzarekin, mugikortasun eraginkorrerako ematen dituen laguntzen programaren bitartez.

Bilbo, 2020ko uztailaren 28a.- Repsolek eta Nortegas Green Energy Solutions-ek hitzarmen bat sinatu dute, Grupo Repsolen gasolindegietan ibilgailuetarako gas naturalaren (IGN) hornidura-puntuen sare baten instalazioa bultzatzeko.

Aliantza horren bidez, gas naturalaren hornidura-puntuen sarea jendearen eskura jartzeko konpromisoa hartu dute konpainia biek. Hornidura-puntu horiek Grupo Repsolen gasolindegietan integratuta egongo lirateke, Nortegasek gas naturalaren banatzaile gisa jarduten duen eskualdeetan nagusiki, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan, Kantabrian eta Asturiasen.

Nortegas “oso pozik” agertu da Repsolekin lortutako akordioarekin. Izan ere, “konpainia horrekin partekatzen dugu eraginkorrak diren, ingurumena errespetatzen duten eta mix energetiko iraunkorraren parte diren energia-aukerak bilatzearen aldeko apustu garbia”. Hain zuzen ere, “ibilgailuetarako gas naturalak lagundu egiten du deskarbonizazioan: aukera garbia eta eraginkorra da, ekonomiaren zein ingurumenaren aldetik”.

Bestalde, Repsolek gailendu duenez, Nortegasekin sinatutako hitzarmen honek “IGN mugikortasunerako bestelako aukera gisa finkatzen jarraitzeko laguntza ematen digu”. Gainera, Repsolek 2050erako zero emisio garbi lortzeko helburua duen enpresa multienergetiko gisa eta mugikortasuneko lider gisa duen kokapena indartu du, bere sektorean helburu handinahi hau bere egin duen lehenengo enpresa izanik”.

Momentu honetan, Repsolek IGNren bost hornidura-puntu ditu Espainiako korridore nagusietan (Seseña eta Guarromán, A4 errepidean; Mojo Gallardo, A-381 errepidean; Fontioso, A1 errepidean; eta Hostalets, AP7 errepidean), eta laster beste hiru irekiko ditu Meridan (Badajoz), Albateran (Alacant) eta Hernanin (Gipuzkoa).

Nortegas ere biometanoa ekoizteko hainbat proiektu garatu eta ezartzeko lanetan ari da. Zabortegietan edo hondakin-uren araztegietan sortutako biogasa tratatzetik (upgrading) lortzen den gasa da biometanoa eta hori ere ibilgailuetarako gas natural gisa eskaini ahalko zaio gizarteari. Hala, balioa gehituko zaio baterako ekimen honi.

Bizkaian IGN etengabe hornitzen duen lehenengo gasdegia

Repsolek eta Nortegasek martxan jarriko duten lehenengo gasdegia Sestaon (Bizkaia) kokatuko da, zehatzago esateko Repsolek Barakaldotik Trapagaranera doan errepidearen 9,2 kilometroan daukan gasolindegian, A-8 autobidearen lotunetik oso hurbil.

Gas natural konprimatua (GNK) eskainiko duen lehenengo puntu horretan, konpainiek 4.000 euro inguruko inbertsioa egingo dute, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) laguntzarekin, mugikortasun eraginkorrerako ematen dituen laguntzen programaren bitartez.

Jada gasdegia eraikitzen hasiak dira eta ibilgailu azkarrei zerbitzua emateko gai izango da (autoei eta furgonetei), eta baita ibilgailu ertain eta astunei ere, hirian erabiltzekoak direnak (banaketak egiteko furgonetan eta kamionetak).

Bizkaian IGN etengabe hornitzeko aukera eskainiko duen lehenengo gunea izango da, biltegirik gabekoa, Nortegasen azpiegitura-sare zabalari esker. Horrelaxe eramango du konpainiak erregai hau haren eragin-eremu historikoetako batera.

Gainera, Repsolek eta Nortegasek gasdegiak egiteko beste bi toki gehiago adostu dituzte eta berehala hasiko dira eraiki aurreko lanak. Madrilen egongo da bat; bestea, berriz, Gipuzkoan.

Ibilgailuetarako gas naturala, mugikortasunerako beste aukera bat

IGN garraiorako guztiz egokia den bestelako erregaia da, batez ere salgaien garraiorako. Ibilgailuetarako gas naturala bi motatakoa izan daiteke bere fase termikoaren arabera: gas natural konprimatua (GNK) eta gas natural likidotua (GNL). Presio altuetan biltegiratutako gas naturala da GNK eta ibilgailu arinetarako zein ibilgailu astun batzuetarako erabiltzen da, esate baterako autobusetarako, zerbitzuak eskaintzeko kamioietarako eta distantzia labur zein ertaineko garraiorako kamioietarako. GNL egoera likidoan eta -161ºC-tara kriogenizatuta dagoen gas naturala da eta garraio astunerako erabiltzen da, autonomia handiagoa eskaintzen baitu.

Ingurumenaren arloan, gas naturalak hirietako airearen kalitatea hobetzen du: % 85ean murrizten ditu nitrogeno-oxidoen isurpenak (NOx), partikula solidoen (PM) isurpenen % 96 desagerrarazten du eta CO2 isurpen-helburuak betetzen laguntzen du, % 25ean murrizten baititu isurpen horiek. Horregatik dute ibilgailu horiek ECO etiketa Espainian. Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) ematen du etiketa hori eta hirietako zirkulazio-mugak bete behar izatetik kanpo uzten ditu ibilgailuok.

Gas naturalarekin funtzionatzen duen motorrak gasolinarekin funtzionatzen duen motorraren antzeko mekanika dauka. Kasu batzuetan, posible izaten da ibilgailuaren motorra eraldatzea, ohiko erregaiaren ordez gas naturala erabili dezan eta hala, ECO etiketa lor dezan eta gero eta autonomia erkidego eta udalerri gehiagotan aplikatzen hasi diren onurak eta abantailak lortzeko aukera eman dezan, esate baterako, isurpen kontrolatuko eremuetarako sarbidea, hobariak tasetan eta aparkalekuetan, etab.