28 Aza 2019

Nortegasek prestakuntza duala bultzatzeko topaketa bat antolatu du Bizkaiko Lanbide Heziketako arduradunekin

  • Prestakuntza dualaren bitartez iniziatiba, sormena eta talentua indartu nahi dituzten gazteentzako aukera bikain modura aurkeztu dira gas naturalaren segmentu tradizionalek zein erabilera berriek eta gas berriztagarrien garapenak eskaintzen dituzten aukerak.
  • Nortegasek jarduten duen inguruaren alde hartutako konpromisoa berretsi du, berrikuntzaren alde eta ekonomiaren deskarbonizazioaren alde eginez eta modu jasangarrian aberastasunaren sorrera bultzatuz.
  • Gas naturalaren ahalmena dela-eta, berebizikoa da trantsizio energetikorako prozesuan, eskaeraren segmentu guztietan.

Bilbo, 2019ko azaroaren 28a.- Lanbide Heziketako bederatzi zentrotako arduradunek Nortegasek Barakaldon duen mantenimendu zentroko instalazioak bisitatu zituzten azaroaren 20an, konpainiak prestakuntza dualaren planaren bitartez bere jarduera-arlo desberdinetan ezagutza eta talentu berria txertatzearen alde egindako apustua zuzenean ezagutzeko.

CEBEKen “Enpresa-ibilbidea” izeneko programaren bederatzigarren edizioaren barnean sartuko litzateke bisita hau. 2009az geroztik, CEBEK enpresekin lankidetzan aritu izan da, Lanbide Heziketako irakasleak Bizkaiko enpresen errealitatera hurbiltzeko asmoz, erreferenteak diren eta Lanbide Heziketarekin bereziki konprometituta dauden konpainietara egindako Bisiten Programa baten bitartez.

Enpresaren funtzionamenduaren alderdi esanguratsu bat erakusteko helburuarekin antolatzen da bisita bakoitza. Bisita guztietan, ibilbide bat egiten da enpresaren instalazioetatik. Irakasleek azken teknologiak, ekoizpen prozesuak eta abar zuzenean ezagutzeko aukera izaten dute ibilbide horien bidez. Azken finean, enpresa-sarearen eta haren kudeaketa aurreratuaren inguruko ikuspegia eskaintzen zaie Prestakuntza Zentroei.

Hala, Nortegasen instalazioetan antolatutako topaketan, prestakuntza zentroetako arduradunek gas naturalak orain zein etorkizunean energia tradizional kutsagarrien (butanoa, ikatza, gasolioa edo propanoa, esaterako) ordezko aukera modura duen funtzioa,  Nortegasek gas berriztagarriak garatzearen alde hartutako konpromisoa, konpainiak egindako lanaren ezaugarri orokorrak eta prestakuntza-arloan dituen beharrizanak zuzenean ezagutzeko aukera izan zuten, etorkizunean haien artean lankidetza-hitzarmenak sinatzeko xedez.

Javier Inunciagak, hots, Nortegaseko giza baliabideen arloko zuzendariak, konpainiak prestakuntza dualaren alde hartutako konpromisoaren helburu nagusiak laburbildu zituen: alde batetik, ikasketa planetan eragina izateko beharra dago, gero eta gehiago egokitu daitezen gaur egun enpresek bizi duten errealitatera. Bestetik, enpresen gizarte-erantzukizuna sustatu nahi dugu enpresa prestatzaile bihurtuta, lan-merkatuko beharrizanei eraginkortasunez erantzunez eta enplegagarritasuna hobetuz. Aurrekoaz gain, Nortegasen balioak eta kultura sustatu nahi ditugu ikasleen artean eta azkenik, horren guztiaren bitartez ikasle inplikatuak, motibatuak eta partaideak lortu nahi ditugu”.

Nortegasek lanbide heziketa dualaren aldeko apustua egin du, konpainiek gero eta aldakorragoa eta lehiakorragoa den merkatuaren espezializazio-eskakizunei aurre egiteko gakoetako bat delako eta ekimen honetara batzen diren ikasleentzako onura garrantzitsuak eskaintzen dituen sistema delako. Izan ere, ikasle horiek benetako lan-egoeretan ikasten dute, esperientzia profesional handia irabazten dute eta etorkizunerako enplegagarritasuna hobetzen dute.

Duela gutxi, konpainiak konpromiso hori gauzatu zuen, lanbide heziketako bi ikasle gehitu baitzituen Telekontroleko eta Mantenimenduko arloetara, hurrenez hurren, CEBEKen etengabeko laguntzarekin.

Lanbide heziketa zentroetako arduradunekin egindako topaketaren ostean, Nortegasek prestakuntza dualeko plana bultzatzen jarraituko du. Hala, prestakuntza-aukerak eskainiko dizkie iniziatiba, sormena eta talentua indartu nahi dituzten gazteei, konpainiarentzat garrantzitsua den momentu honetan, gas naturala eskaeraren segmentu tradizionalen zein haren erabilera berrien protagonista modura hartuta, eskaeraren segmentu tradizionaletan zein erabilera berrietan, gas berriztagarriaren eta ibilgailuentzako gas naturalaren bidez.

Gas naturalaren onurak direla-eta, (igorpen baxuak, kostu lehiakorra, eraginkortasun energetiko handia, jada existitzen diren azpiegiturak eta erakusten duen malgutasuna) berebizikoa da trantsizio energetikoan, eskaeraren segmentu guztietan, eta mesede egiten die Energiaren eta Klimaren Plan Integratuaren helburuei.

Gas naturala berebiziko erregaia izango da etorkizuneko matrize energetiko iraunkorrean; izan ere, Espainian, amaierako energiaren matrizean parte-hartze handiagoa izango duela aurreikusi da, 2030ean % 19,77ko garrantzia erlatiboa lortzeraino.