20 Ira 2018

Nortegasek gas naturalez funtzionatzen duten bi auto eskainiko ditu, publikoak haien eraginkortasuna probatu dezan

Getxoko Mugikortasun Jasangarriaren Jardunaldiak

Gainera, konpainiak stand bat izango du ibilgailuentzako gas naturalaren abantailei buruzko informazio guztia eskaintzeko.

Bilbo, 2018ko irailaren 20a.- Nortegasek parte hartuko du, gas naturalez bultzatutako bi ibilgailurekin eta informazio-stand batekin, bihartik –ostirala- igandera arte Getxon egingo diren Mugikortasun Jasangarriaren Jardunaldietan. Hiru egun hauetan, interesatutako pertsonek bi ibilgailu horiek gidatu ahal izango dituzte, haien eraginkortasuna probatzeko beste energia mota batez bultzatutako ibilgailuen aldean.

Jardunaldiak bihar –ostirala- hasiko dira, 11:00etan, Getxolanen egoitzan (Areeta), mugikortasun jasangarriaren oraingo eta etorkizuneko gai batzuei buruzko solasaldi batez. Bertan, erakunde publikoek, instituzioek, enpresek eta sektoreko beste eragile batzuek parte hartuko dute.

Juan Ignacio Reyk, Nortegaseko Ibilgailuentzako Gas Naturaleko Mugikortasunaren arduradunak, gasa ibilgailuen erregai gisa erabiltzeak dituen abantailak azalduko ditu, baita gasolina eta gasolioa berehala ordezkatzeko duen gaitasuna ere.

Halaber, Mugikortasun Jasangarriaren Jardunaldien hiru egunetan, Getxoko kirol portuak jardunaldietan parte hartzen duten enpresei buruzko informazio-standak hartuko ditu, eta ibilgailu jasangarrien erakusketa bat ere bai.

Alde horretatik, Nortegasek gas naturalez funtzionatzen duten bi auto jarriko ditu gidatze-probak Getxoko kirol portuaren inguruan egin nahi dituzten pertsonen eskura; era horretan, haien lehiakortasuna baloratu ahal izango dute beste erregai batzuek bultzatutako ibilgailuen aldean.

Halaber, Nortegasek stand bat izango du interesatutako pertsona guztiek ibilgailuentzako gas naturalari buruzko informazioa jaso ahal izan dezaten, gai horri buruzko ikus-entzunezko batzuk ikusteaz gain.

Gaur egun, garraioetan erabiltzen diren erregai fosilen alternatiba erreala ibilgailuentzako gas naturala da. Berari esker, % 85 baino gehiago murriztu daitezke nitrogeno oxidoen emisioak, eta ia % 100 esekitako partikulak, hau da, pertsonen osasunari kalte gehien egiten dieten elementuak. Gainera, % 20raino jaitsi daitezke C02 emisioak, hots, berotegi-efektuko gas nagusiaren emisioak.

Bada gogoratzea merezi duen beste onura kuantifikagarri bat, hau da, onura ekonomikoa; izan ere, gasa % 25 eta % 50 bitartean da merkeagoa gasolioa edo gasolina baino.

Bukatzeko, azpimarratu behar da gasa jadanik erabiltzen dela erregai gisa hainbat garraiobidetan: turismoetan, garraio publikoko autobusetan, furgoneta eta merkantzietarako kamioietan, itsasontzietan, makineria industrialean, eta herrialde batzuetan trenbidean ere.