6 Aza 2020

REPSOLEK ETA NORTEGASEK BIZKAIAN GASA ETENGABE HORNITUKO DUEN LEHENENGO GASDEGIA INAUGURATU DUTE

  • Repsolen banderadun gasolindegian dago instalazioa, Estación Servicio Galindorena den gasolindegian, alegia. San Vicente errepideko 4. zenbakian dago, Sestaotik eta Barakaldotik ateratzeko eta A-8 errepidearen korapilorantz joateko biribilgunearen ondoan.
  • Instalazioak gas natural konprimatua (GNK) hornitzen die ibilgailuei, furgonetei, autobusei eta zerbitzuetarako kamioiei.
  • Lehenengo hornidura-puntu honetan 400.000 euro inguruko inbertsioa egin da, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) laguntzarekin, mugikortasun eraginkorrerako ematen dituen laguntzen programaren bitartez.
  • Inaugurazio-ekitaldian izan dira Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Josu Bergara Sestaoko alkatea, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatua eta Javier Contreras Nortegaseko kontseilari delegatua, eta Nuria Lekue Estación de Servicio Galindoko zuzendari nagusia.
  • Repsolen eta Nortegasen arteko aliantza estrategikoari esker, Grupo Repsolen gasolindegietan jendeak eskuragarri izango du ibilgailuetarako gas naturalaz hornitzeko puntuen sare bat, Euskal Autonomia Erkidegoan, Kantabrian eta Asturiasen nagusiki.

Repsolek eta Nortegas Green Energy Solutions-ek GNK etengabe hornitzen duen lehenengo gasdegia inauguratu dute gaur. Repsolen banderadun gasolindegian dago instalazioa, Estación Servicio Galindorena den gasolindegian, alegia. Sestaon dago (Bizkaia), San Vicente errepideko 4. zenbakian, Sestaotik eta Barakaldotik ateratzeko eta A-8 errepidearen korapilorantz joateko biribilgunearen ondoan.

Gasdegi berria ibilgailu arinei zerbitzua emateko gai izango da (autoei eta furgonetei), eta baita ibilgailu ertain eta astunei ere, hirian erabiltzekoak direnak (banaketak egiteko furgonetak eta kamioiak).

Bizkaiko lurraldean GNK etengabe hornitzeko aukera eskainiko duen lehenengo gasdegia izango da, biltegi beharrik gabekoa, Nortegasen azpiegitura-sare zabalari esker. Izan ere, horri esker bestelako erregaia hornitzeko puntu bat jarriko da jendearen eskura.

Kokapen hori aukeratu da Bilbo Irunetik Frantziako muga eta Galizia lotzen dituen “Atlantikoko korridorean” isurpen baxuekin depositua betetzeko “polo estrategiko” gisa finkatu delako. Egunean 37.000 ibilgailu inguruk erabiltzen dute pasabide hori.

Adostutako lehenengo hornidura-puntu honetan 400.000 euro inguruko inbertsioa egin da, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) laguntzarekin, mugikortasun eraginkorrerako ematen dituen laguntzen programaren bitartez.

Repsolek, Nortegasek eta Estación de Servicio Galindok ibilgailuetarako gas naturalaren alde egindako apustua sendotzen du inbertsio horrek, bestelako energien erabilera sustatzeko daukaten estrategiaren parte gisa.

Inaugurazio-ekitaldian izan dira Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Josu Bergara Sestaoko alkatea, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatua eta Javier Contreras Nortegaseko kontseilari delegatua, eta Nuria Lekue Estación de Servicio Galindoko zuzendari nagusia.

Josu Jon Imazek, Repsoleko kontseilari delegatuak, Repsol gaur egun den konpainia multienergetikoa izatera iristeko urteetako eraldaketan murgilduta egon dela azaldu du, 2050erako zero isurpen garbi izatea lortzeko helburuarekin. Helburu handinahi hori jartzen lehena izango litzateke sektorean. Gainera, honako hau adierazi du: “Energiaren eta mugikortasunaren inguruko zerbitzu guztiak eskaintzen ditugu, erabiltzaile bakoitzaren beharrizanak asetzeko. Mugikortasunerako aukera guztietan aurrera egiten jarraituko dugu, beti bezeroa erdigunean jarrita”.

Javier Contrerasek, Nortegaseko CEOak, ondorengoa adierazi du: “Oso pozik gaude etengabeko hornidura eskainiko duen gas natural konprimatuaren lehenengo gasdegia inauguratu dugulako eta gasdegi hori zuzenean gure banaketa-sarera konektatuta egongo delako. Ziur gaude gas naturala ekonomiarako zein ingurumenerako energia eraginkorra eta garbia dela eta horregatik, bultzatu egin nahi dugu sektoreko partner-ekin batera, Repsolekin batera, adibidez”

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak berriro azpimarratu du mugikortasun jasangarriaren arloan neutraltasun teknologikoaren eta lankidetza publiko-pribatuaren alde egindako apustua, laster erregai garbiagoak hornitzeko puntu gehiago jartzeko. Mugikortasunak gutxiago kutsatzen duen eredu baterantz joateko erronka izugarria du aurrean. Nolanahi ere, Tapiak gogorarazi du gasa gure trantsizio-baliabide nagusia dela eta hala izaten jarraituko duela, beste energia mota batzuk sortzeko ahalmen handiagoa izan arte. Euskadiren garapena jasangarria izan dadin, ekonomia deskarbonizatzeko pausoak emateaz gain, eskura ditugun baliabideen erabilera arduratsua egin beharko dugu eta gure ahalmen teknologikoa areagotu beharko dugu, ekonomia eta enplegua sortuz. Ildo horretatik, trantsizio energetikoa eta trantsizio digitala euskal industriarentzako bi aliatu handi lirateke.

Erregai garbiagoen hornigailuak, oraindik ere gutxiago kutsatzen duen eredu baterantz joateko erronka izugarria duen mugikortasun sektorearentzat.

Bestalde, Josu Bergara Sestaoko alkateak oso modu positiboan baloratu du “sektore publikoak eta pribatuak eskualde honetan proiektu garbiak eta ingurua errespetatzen dutenak garatzeko indarrak batu izana, ingurumenaren aldetik asko zigortu baita eskualde hau”.

Repsolen eta Nortegasen arteko aliantza

Akordio honen bidez, gas naturalaren hornidura-puntuen sarea jendearen eskura jartzeko konpromisoa hartu dute konpainia biek. Hornidura-puntu horiek Grupo Repsolen gasolindegietan integratuta egongo lirateke, Nortegasek gas naturalaren banatzaile gisa jarduten duen eskualdeetan nagusiki, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan, Kantabrian eta Asturiasen.

Momentu honetan, Repsolek eta Nortegasek gasdegiak egiteko beste bi toki gehiago dituzte adostuta eta berehala hasiko dira eraiki aurreko lanak. Madrilen egongo da bat; bestea, berriz, Gipuzkoan.

Ibilgailuetarako gas naturala, mugikortasunerako beste aukera bat

IGN garraiorako guztiz egokia den bestelako erregaia da. Ibilgailuetarako gas naturala bi motatakoa izan daiteke: gas natural konprimatua (GNK) eta gas natural likidotua (GNL). Presio altuetan biltegiratutako gas naturala da GNK eta ibilgailu arinetarako zein ibilgailu astun batzuetarako erabiltzen da, esate baterako autobusetarako, zerbitzuak eskaintzeko kamioietarako eta distantzia labur zein ertaineko garraiorako kamioietarako. GNL egoera likidoan eta -161ºC-tara kriogenizatuta dagoen gas naturala da eta garraio astunerako erabiltzen da, autonomia handiagoa eskaintzen baitu.

Ingurumenaren arloan, gas naturalak hirietako airearen kalitatea hobetzen du: % 85ean murrizten ditu nitrogeno-oxidoen isurpenak (NOx), partikula solidoen (PM) isurpenen % 96 desagerrarazten du eta CO2 isurpen-helburuak betetzen laguntzen du, erregai tradizionalekin konparatuta % 25ean murrizten baititu isurpen horiek. Hori dela eta, ibilgailu horiek ECO etiketa dute Espainian. Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) ematen du etiketa hori eta hirietako zirkulazio-mugak bete behar izatetik kanpo uzten ditu ibilgailuok.

Gas naturalarekin funtzionatzen duen motorrak gasolinarekin funtzionatzen duen motorraren antzeko mekanika dauka. Kasu batzuetan, posible izaten da ibilgailuaren motorra eraldatzea, ohiko erregaiaren ordez gas naturala erabili dezan eta hala, ECO etiketa lor dezan eta gero eta autonomia erkidego eta udalerri gehiagotan aplikatzen hasi diren onurak eta abantailak lortzeko aukera eman dezan, esate baterako, isurpen kontrolatuko eremuetarako sarbidea, hobariak tasetan eta aparkalekuetan, etab.