19 Apr 2018

Nortegasen salmentak 222,8 milioira iritsi ziren 2017an

Konpainiaren emaitza 37,9 milioi euro izan ziren

Bilbo, 2018ko apirilak 19.- Nortegasen sarrerak 222,8 milioi euro izan ziren 2017ko 12 hilabeteetan. Zenbateko horrek barne hartzen ditu 2016 urtearen amaieran GLPtik bereganatutako bezeroak -82.000, gutxi gorabehera-; horri esker, konpainiaren konexio-puntuak milioi bat baino gehiago dira jadanik, eta, hortaz, Espainiako iparraldeko gas-banatzaile nagusi gisa finkatu da enpresa, eta bigarrena da nazio mailan.

Emaitzei dagokienez, Nortegasek 37,9 milioi euroko mozkin garbia lortu zuen 2017an. Garrantzitsua da argitzea bai mozkina eta bai salmenten zifra 2017ko hamabi hilabeteetako proformako finantza-datuei dagozkiela. Iazko amaieran, konpainiak zerga-ekitaldiaren aldaketa onartu zuen. Orain, urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31n amaitzen da.

Aldaketa hori eta bigarren seihilekoan Nortegasen eta bere akziodunaren artean egindako alderantzizko fusioa kontuan hartuta, gomendagarria da proformako emaitza hauek aurkeztea, Nortegasen urte osoa hobeto ulertzeko; aldi berean, aurreko urtearekiko alderaketa oztopatzen dute.

Beste alde batetik, gogoan izan behar da irailaren 28an Nortegasek 1.300 euroko balioa zuten bonuak jaulki zituela, hau da, espainiar enpresa batek 1999az geroztik egindako hasierako jaulkipen handiena gauzatu zuen.

Operazioaren arrakastak ederki islatzen du konpainiaren kalitatea, eta baita beraren negozioaren egonkortasuna ere. Jaulkipen honen sarrera guztiak epe ertainera dagoen banku-zorra birfinantzatzera zuzendu dira, epe luzerako finantza-egitura sendo batez babestuta. Standard & Poor’s agentziak BBB kalifikazioa eman zien (ikuspegi egonkorra) bai konpainiari eta bai jaulkitako bonuei.

Orobat, iragan uztailaren 27an, JP Morgan Asset Management, Gulf Cooperation Council Sovereign Wealth fund, Swiss Life Asset Managers eta Covalis Capitalen aholkularitza zuten inbertitzaile instituzionalez integratutako partzuergoak enpresaren % 100 erosi zion EDP taldeari. Harrezkero, konpainiak eraldatzeko eta balioa sortzeko plan bat hasi zuen, hazkundeari eta kostuen eraginkortasunari buruzko programetan kontzentratuz.

Alde horretatik, Nortegasek 25 milioi euroko inbertsioak egin ditu, eta horrek ahalbidetu dio haztea bai Euskadin eta bai Asturias eta Kantabrian.

Gainera, konpainiak marka berri bat eta identitate korporatibo berri bat sortu zituen eta orain dela gutxi aurkeztu ditu.