logo sinatrah
10 Aben 2020

Nortegasek Sinatrah I+G proiektua burutu du hidrogenoa banatzeko eta erabiltzeko

  • Nortegasek gidatutako proiektuan parte hartu dute Siemens Engines-ek eta Tecnaliak, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin.
  • 24 hilabeteko iraupena izan dute lanek eta tarte horretan hidrogenoa banatzeko eta erabiltzeko aukera aurreratuak garatu dira.
  • Horrela, Nortegasek berretsi egin du hidrogenoaren alde eta gasa banatzeko daukan sareak gas berriztagarri hau garraiatzeko duen potentzialaren alde egindako apustua.
  • Nortegas Hidrogenoaren Espainiako Elkartera batu da orain gutxi, kide instituzional modura.

Nortegasek, maila nazionalean gas naturala banatzen duen bigarren konpainiak, SINATRAH proiektua burutu du, hidrogenoa banatzeko eta erabiltzeko aukera aurreratuak garatzeko xedez.

Nortegas buru duen partzuergo industrial baten bidez gauzatu da ekimen hau, Siemens Engines-en lankidetzarekin. Hain zuzen ere, Euskadin erreferenteak dira bi enpresa horiek eta berrikuntza iraunkorraren aldekoak direla erakutsi dute, haien lehiakortasuna hobetzeko funtsezkoa baita. SINATRAH proiektuak 24 hilabeteko iraupena izan du. Tecnalia teknologia zentroak ere parte hartu du, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragile teknologiko gisa, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu du HAZITEK programaren bitartez.

Hidrogenoa banatzeko sistema aurreratuak garatu eta ustiatzean zentratu da SINATRAH, eta baita hidrogenoa aplikazio industrial iraunkorretan eraginkortasunez erabiltzean ere. Hona hemen proiektu honek utzitako bi berritasun teknologiko: alde batetik, Upgrading sistema malgu bat garatu da, aplikazio desberdinetarako sistemaren irteeraren osaera garbitzeko eta/edo hobetzeko mintz aurreratuetan oinarritutakoa, gas naturalaren saretik datozen hidrogeno-nahasketak baliatuz; bestetik, motor aurreratu bat garatu da, eraginkorragoa dena, CO2 gutxiago isurtzen duena eta hidrogeno asko duten gas naturalaren nahasketekin funtziona dezakeena, etorkizunean ingurumen-arloan egongo den legeria murriztaileagoa betez.

Nortegasek hidrogenoaren alde egindako apustua

Nortegas SINATRAH bezalako I+G proiektuak garatzeko lanetan ari da, hidrogenoak karbonorik gabeko ekonomia baterantz egiteko aldaketa ekar dezakeela dakielako. Estatu mailako zein Europako energia-planen ildo beretik, enpresa banatzailea bere banaketa-sarearen azpiegitura handia aprobetxa dezaketen energia-aukera iraunkorrak bilatzearekin konprometituta dago. Ildo horretatik, Nortegas Hidrogenoaren Espainiako Elkartera batu da orain gutxi, kide instituzional modura, eta bertatik hidrogenoaren teknologien garapena eta aplikazio industrialetan eta komertzialetan izan dezakeen erabilera sustatzen jarraitu ahalko du.

SINATRAH proiektuaren bitartez, gas naturalaren saretik hidrogeno-nahasketak banatzearen arloan erreferentea izango da Nortegas, bere banaketa-sareen bitartez ibilgailuetarako hidrogenoa garbitzeko gai den teknologia baitu.

Era berean, Nortegasek, White Summit Capital, Castleton Commodities International (CCI), SENER eta Bizkaia Energíarekin batera, estatu mailako lehenengo hidrogeno berdearen planta martxan jartzeko proiektua aurkeztu du orain dela gutxi. Planta horrek Amorebieta-Boroako (Bizkaia) ziklo konbinatuko zentralaren azpiegitura aprobetxatuko du. Hidrogeno berdearen planta honek 20 MW-ko ahalmena izango du eta urtean 1.500 tona hidrogeno berde sortzea izango du xede, iturri berriztagarrietatik. Hidrogeno honen parte bat plantan bertan erabiliko da, CO2 isurpenak murrizteko; beste parte bat, aldiz, Nortegasen banaketa-sarean txertatuko da, gas naturalarekin nahastuta, egungo kontsumo energetikoen parte bat deskarbonizatzeko; beste parte bat tokiko industrian H2 beharrizan espezifikoei erantzuteko erabiliko da edo biltegiratu egingo da; eta azkenik, H2 zerbitzugune bat jarriko da (hidrogenera bat), ibilgailu astunen beharrizanei erantzuteko.

Hidrogenoa, energiaren etorkizunerako gakoa

Azken urteotan mundu mailako ekonomiarako funtsezko elementu gisa kokatu da hidrogenoa. Europako Batzordeak zein Gobernuak energia-aukera iraunkor eta garbi horren aldeko apustua egin dute. Euskadik ere urteak daramatza hidrogenoaren balio-katea oinarri duten proiektuetan murgilduta, nazioartean garrantzitsua den sektore horretan tokia duen industria-sarea garatzeko.

Gaur egun gas naturalaren erreformatu-prozesuaren bitartez ekoizten da hidrogenoa eta hidrogeno konprimatuzko bonbonetan garraiatzen da, kamioetan Europan 1.500 km inguru gasbide eraiki dira hidrogenoa garraiatzeko. Gas naturalaren sarearekin alderatuz gero, hidrogenoarena askoz txikiagoa da. Gas naturala banatzeko sareek eraginkortasunez garraia ditzakete hidrogenoaren tankerako gas berriztagarriak. Zentzu horretan, gaur egun Nortegasen gisako banatzaileek daukaten gas-azpiegitura aukera segurua eta ekonomikoki eraginkorra dira, hidrogenoaren garraioa garatu eta zabaltzeko.