Ugao Miraballes
17 Mar 2021

Nortegasek eta Energiaren Euskal Erakundeak sare adimendunen proiektua burutu dute Ugao-Miraballesen eta mila kontadore inguru jarri dira martxan

  • 2019ko abenduan hasitako eta 2020ko urrian bukatutako proiektu honi esker, 974 kontadore adimendun instalatu eta martxan jarri ahal izan zaizkie udalerrian etxebizitza edo negozioa duten bezeroei.
  • Gasaren sare adimenduna aurrerapauso handia da segurtasunaren aldetik; izan ere, larrialdiren bat suertatuz gero (ihesen bat edo errekuntza txarra galdararen batean, esaterako), berehala ohartaraztea eta esku hartzea ahalbidetzen du.
  • Nortegasen kontseilari delegatua den Javier Contrerasek azpimarratu duenez, “proiektu honek agerian uzten du jada eskura dugun eta eraginkorra dela erakusten duen teknologian inbertitzearen garrantzia”.

Nortegasek, maila nazionalean gasa banatzen duen bigarren konpainiak, eta Energiaren Euskal Erakundeak arrakastaz burutu dute Bidegas proiektua, hots, Ugao-Miraballes udalerri bizkaitarrean instalazioen segurtasuna eta energia-efizientzia hobetzea ahalbidetuko duen irtenbide integrala.

2019ko abenduan hasi eta 2020ko urrian bukatutako proiektu honen bidez, konpainia banatzaileari zein gas naturalaren bezeroei funtsezko informazioa emateko aproposak diren elementu elektronikoak eta telekomunikazioetakoak dituen gas-sare adimenduna instalatu eta martxan jarri da. Informazio horrek, hain zuzen ere, kontsumoaren kudeaketa eraginkorragoa eta seguruagoa egitea eta horniduraren kalitatea zein bezeroei eskainitako zerbitzuaren kalitatea hobetzea ahalbidetzen dute.

Gasaren sare adimendun horrek funtsezko hiru elementu ditu. Alde batetik, 974 kontadore adimendun instalatu dira doan, udalerriko etxebizitzetan zein negozio txikietan. Kontadore horiek etengabeko informazio erreala eskaintzen dute eta horrela, erabiltzaileek erabat ezagutuko dute beren instalazioaren kontsumoa. Beraz, modu eraginkorragoan kudeatu ahalko dute kontsumoa. Bestetik, bai eta instalazioen ezaugarrien arabera, udalerriko bizilagunei eskaini zaie beren etxebizitzetan metanoa eta karbono monoxidoa hautemateko sentsoreak jartzeko aukera. Sentsore horiek gas-ihesak edo errekuntza desegokiak hautematen dituzte galdaretan. Azkenik, aplikazio mugikor bat garatu da (Androiderako zein IOSerako): Bidegas APP-a. Ugao-Miraballesko bizilagun guztiek jaitsi dezakete eta bertatik bi norabideko komunikazio-kanala izango dute Nortegasekin, haien kontsumoaren etengabeko jarraipena egiteko, haien instalazioan edo gasaren sarean sor daitekeen gorabehera orori buruzko informazioa berehala lortzeko eta baita gomendioak eta informazio erabilgarria lortzeko ere.

Proiektuan zehar, Nortegasek aurrerapauso handia den teknologiaren eraginkortasuna egiaztatzeko aukera izan du. Teknologia horrek konbinatzen dituen hiru elementuei esker, batez ere segurtasunaren aldetik da eraginkorra, larrialdiren bat suertatuz gero (ihesen bat edo errekuntza txarra galdararen batean, esaterako), berehala ohartaraztea eta esku hartzea ahalbidetzen baitu.

Zentzu horretan, Nortegasen kontseilari delegatua den Javier Contrerasek azpimarratu duenez, “proiektu honek agerian uzten du jada eskura dugun eta eraginkorra dela erakusten duen teknologian inbertitzearen garrantzia. Kontadoreen digitalizazioa aurrerapauso handia da segurtasunaren eta kontsumo iraunkorraren aldetik eta hain zuzen ere, horiek dira gure jarduketaren ardatz nagusietako batzuk, Bidegasen esperientziarekin indartuko ditugunak”.

Bestalde, Ekaitz Mentxakak, Ugao-Miraballesko alkateak, udalerrian egindako proiektuarekin pozik dagoela adierazi du: “Udalak Nortegasekin eta Energiaren Euskal Erakundearekin partekatzen du etorkizun iraunkorragoa eta energiaren aldetik efizienteagoa dena eraikitzeko grina. Proiektu hau bukatzearekin batera, urrats garrantzitsua eman dugu baterako helburu hori lortzeko. Estatu mailan, udalerri aitzindaria bilakatu da Ugao, gas-kontadore adimendunak instalatzeari dagokionez. Efizientagoak izateaz gain, ugaotarrak babestuago eta seguruago daude orain, denbora errealean jasotzen baitute informazioa, instalazioan arriskurik suertatuz gero berehala esku hartzeko. Horrenbestez, ingurumena zaintzearen eta gure bizilagunak zaintzearen alde egin dugu”.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak esan duenez, “berrikuntzaren eta teknologien aldeko apustua ezaugarri gisa duen lana burutu dugu. Teknologia horiek energiaren kontsumo efizientea egitea ahalbidetzen digute eta zentzu horretan, sare adimendunen beste proiektu batzuk ere aipa genitzake, hala nola Smart grid kontadore adimendunak, transformazio-zentroetako eta azpiestazio elektrikoetako teknologia aurreratua. Hori guztia lantzen ari gara”. Nortegasekin eta Ugao-Miraballesko Udalarekin batera, mundu mailako mugarria ospatzen ari gara: gas naturalaren kontadore adimendunak izango dituen lehenengo udalerri europarra da. Gas naturalaren kontsumorako irtenbide adimenduna daukagu eta bide batez, garrantzi handiko energia-iturria da energia-eredu berri baterako bidean. Hala, garrantzitsua da ahalik eta modurik efizienteenean kontsumitzea.