6 Abu 2020

Nortegasek eta Avilesko Udalak 49 etxebizitza sozial Gas Naturalera pasatzeko hitzarmena sinatu dute

  • Guztira, 147 pertsona izango dira haien etxebizitzak gas naturalera pasatzearen onuradun, energia garbiagoa eta ekonomikoki jasangarria izanik.
  • 2.800 euroko batez besteko inbertsioa egingo da etxebizitza bakoitzeko eta oso-osorik finantzatuko dute Nortegasek eta San Martín Fundazioak, hau da, etxebizitzen kudeatzaileak.
  • Eraldaketa hau urtebeteko epean egitea aurreikusten da eta etxebizitza sozialen eraginkortasun energetikoa hobetuko du.

Avilés, 2020ko abuztuaren 6a.- Nortegasek, maila nazionalean gas naturala banatzen duen bigarren konpainiak, hitzarmen bat sinatu du Avilesko Udalarekin, San Martín Fundazioak / Avilésko Etxebizitzako Udal Bulegoak kudeatutako 49 etxebizitza sozial gas naturalera pasatzeko. Momentu honetan, etxebizitza horiek energia-hornidura elektrikoa (% 59), butanozkoa (% 38,8) edo gasoliozkoa (% 2) dute. 49 etxebizitza horietan 147 pertsona bizi dira guztira, alokairuan, eta horien artetik 46 18 urtetik beherakoak dira.

Hitzarmen hau sinatu dute Mariví Monteserín Avilesko alkate andreak eta Javier Contreras Nortegaseko kontseilari delegatuak, Avilesko Udaletxeko Harrera Aretoan. Bertan izan zen, baita ere, Juan Carlos Guerrero, Etxebizitzako zinegotzia.

Hitzarmen honen bidez, Nortegasek eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei etxebizitza duina lortzen laguntzen dien San Martín Fundazioak etxebizitzen eraldaketa energetikoaren % 100 finantzatuko dute. Etxebizitza bakoitzeko egin beharreko batez besteko inbertsioa 2.800 eurokoa izango da, instalaziotik eta zerbitzua altan ematetik eratorritako kostu guztiak barne hartuta. Nortegasek finantzatuko du % 80a eta SMFk % 20a.

Etxebizitza horiez gain, bizilagunen 49 erkidego ere izango dira instalazio berriaren onuradun. Horietatik 20k ez dute gas-instalaziorik eta hitzarmen honi esker, atalondo guztietara helduko da gas naturala eta egoiliar guztiek erabili ahalko dute Nortegasek instalatutako konexioa. Jada hiriko gas-horniduraren instalazioa erabil dezaketen 29 erkidegoen kasuan, kontagailuak dauden espazioak hobetuko zaizkie.

Proiektu honekin, Nortegasek eta Avilesko Udalak gas naturalerako sarbidea emango diete etxebizitza horiei. Hain zuzen ere, gas naturala energia jasangarria da eta haien gastu energetikoa murriztea ahalbidetuko du, horrez gain gaur egun erabiltzen diren erregairik kutsagarrienak baztertuz.

Nortegasek presentzia duen autonomia erkidegoetan aukerak aurkitzeko lan egiten du etengabe, tokiko ekonomia- eta gizarte-sareari laguntzeko. Zentzu horretan, eta tokian bertan enplegua sortzen laguntzearen alde hartutako konpromisoarekin bat etorriz, banatzaileak Avilesko enpresa instalatzaileak kontratatuko ditu etxebizitzak gas naturalera pasatzeko, urtebeteko epean gehienez ere. Lehenengo lanak irailean hastea aurreikusten da.

Nortegasen beste helburu estrategiko bat litzateke Asturiasko, Kantabriako eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalekin eta instituzioekin aliantzak indartzea, energia jasangarriagoen bideragarritasuna bultzatzeko. Era berean, banatzaileak ekonomia zirkularrari, ibilgailuetarako gas naturalaren (IGN) erabilerei eta biometanoaren eta hidrogenoaren tankerako gas berriztagarriek eskaintzen dituzten aukerei buruzko ikerketa- eta garapen-proiektuetan egiten du lan. Biometanoa eta hidrogenoa, hain zuzen ere, ekonomiaren deskarbonizaziorako funtsezko elementu gisa eta Europar Batasunak markatutako neutraltasun klimatikoaren helburua lortzeko ibilbide gisa hartzen dira.

Javier Contrerasek, Nortegaseko kontseilari delegatuak, ondorengoa adierazi du: “ilusioz gaude Avilesko Udalarekin batera martxan jarri dugun proiektu honekin. Nortegasen, presentzia dugun erkidegoekiko konpromiso sendoa dugu, Asturiasen aldekoa esaterako, eta bertako gizartearen ongizatea hobetzen saiatzea da gure helburu nagusietako bat. Etxebizitzetan zein garraioan gas naturala energia-aukera gisa sustatzeko proiektu desberdinen bitartez, gizarte jasangarriagoa lortzen laguntzen dugu eta bertako ekonomia-sarea bultzatzen dugu”.

Bestalde, Mariví Monteserín Avilesko alkateak “udal parkeko 49 etxebizitzaren eraginkortasun energetikoa, kalitatea eta erosotasuna hobetzeko aurrerapauso garrantzitsua dela” azpimarratu zuen. Etxebizitza horiek gas naturala izango dute (eta beraz, energiaren faktura murriztuko dute) eta berogailu-sistema instalatzeko aukera izango dute. Hitzarmen honek, era berean, lana emango die Avilesen dauden sektoreko enpresei (galdaragileak, iturginak, etab.), haiek egingo baitituzte obrak. Gainera, 49 etxebizitza horietan bizi diren familiak ez dira onuradun bakarrak izango. Izan ere, jarduketa honi esker eraikin bakoitzeko bizilagunen erkidego osoak doako instalazioa izango du atalondotik bertatik gas-sarera sarbidea izateko”.