Nortegas
26 mai 2020

Nortegasek 57 milioi eurorainoko irabaziak lortu ditu 2019. urtean

  • Zifra horrek erakusten du % 23,9ko igoera egon dela pasa den urtean lortutako irabazi garbiarekin alderatuz gero, errepikatzen ez diren efektuak kontuan hartu gabe.
  • Nortegasek lortutako EBITDA 178 milioi eurokoa izan zen, hau da, aurreko ekitaldian baino % 3,4 gehiago.
  • Konpainiaren diru-sarrerak 223 milioi eurokoak izan ziren, aurreko urtean baino % 3 gutxiago, Nortegasek presentzia duen eremu geografikoetan tenperatura altuagoak egon zirelako, batez ere.
  • Gas naturala trantsizio energetikorako funtsezko energia-iturri gisa kokatzeko ikerketa eta proiektuen garapena bultzatzen jarraitzen du konpainiak, biogasa berrerabiliz edo hidrogenoaren erabilera energetiko desberdinak ikertuz.

Maila nazionalean gas naturala banatzen duen bigarren konpainia da Nortegas eta 2019ko ekitaldiko finantza- eta jarduera-zifra nagusiak aurkeztu ditu. Konpainiak sendotasunez bukatu zuen urtea eta haren jarduna zein finantza-egoera indartuta atera ziren.

  1. urtean Nortegasek 57 milioi euroko irabazi garbiak lortu zituen, hau da, 2018an lortutakoak baino % 23,9 gehiago, errepikatzen ez diren efektuak kontuan hartu gabe.

Konpainiaren diru-sarrerak 223 milioi eurokoak izan ziren, aurreko urtean baino % 3 gutxiago, 2019. urtean klima 2018. urtean baino epelagoa izan zelako, batez ere. Bestalde, Nortegasek lortutako EBITDA 178 milioi eurokoa izan zen, hau da, aurreko ekitaldian baino % 3,4 gehiago. Nortegasek kutxako fluxu operatiboa lortu zuen 155 milioi euroko inbertsioen ostean (140 milioi eurokoak izan ziren 2018. urtean).

Taldearen finantza-politika akziodunek finantzaketa-egitura jasangarria mantentzearen alde hartutako konpromiso sendoan oinarritzen da eta horri esker, Nortegasek investment grade kreditu-maila sendoa mantendu dezake, Standard & Poor-ek hala baieztatu duelarik.

Zifren bilakaera positiboak berretsi egiten du talde kudeatzaileak martxan jarritako estrategia, eta baita konpainiaren jardunaren indarra eta presentzia duen eremuen baitan duen egonkortasuna ere.

Negozioaren hazkundea eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoa

Nortegas 1.035.062 bezero izatera iritsi da 2019. urtearen amaieran eta urtetik urtera % 0,9ra bitarteko hazkundea izan da zifra horretan. Funtsean, etxebizitzaren eta merkataritzaren segmentuagatik gertatu da hazkunde hori, hau da, etxebizitzak eta enpresa txiki eta ertainak barne hartzen dituen segmentuagatik. Era berean, Nortegasen sareetatik banatu den ibilgailuetarako gas naturala % 1,8 gehiago izan da, 2018. urtearekin alderatuta.

Konpainiak ESG jasangarritasun irizpideen aldeko konpromisoa indartu du (Environmental, Social and Governance), gizartearen trantsizio energetikoan erreferente bilakatzeko xedez. Hori dela eta, Nazio Batuen Munduko Itunera batu da Nortegas, Garapen Jasangarriaren 17 Helburuak lortzeko helburuarekin lan egiteko. Era berean, gas naturala trantsizio energetikorako funtsezko energia-iturri gisa kokatzeko ikerketa eta proiektuen garapena bultzatzen jarraitzen du konpainiak, biogasa berrerabiliz edo hidrogenoaren erabilera energetiko desberdinak ikertuz.

Nortegasen jarrera Covid-19aren aurrean

Covid-19aren osasun krisiari aurre egiteko, Nortegasek Koordinazio Batzorde bat sortu zuen berehala, egoeraren eguneroko jarraipena egiteko eta hala, gas naturala bezalako premia-premiazko ondasun bat behar bezala banatzen dela bermatzeko.

Alarma-egoera aktibatu zenetik, konpainiak kontingentzia plan bat jarri du martxan, prebentzio neurririk zorrotzenak barne hartzen dituena eta baita osasun agintaritzek emandakoak ere, puntu guztietan zerbitzuaren % 100 bermatzeko.

Ildo beretik, azken bi hilabeteotan Nortegasek ekimen desberdinak abiarazi ditu, Covid-19aren osasun krisiak izandako eragin ekonomiko eta soziala murrizteko xedez. Tartean, konpainiak bere 629 hornitzaileei eskura ordaintzea erabaki du, krisiak iraun bitartean haien likidotasunari mesede egiteko; PGLren fakturak ordaintzeko malgutasuna eskaini die autonomoei, ETEei eta Covid-19aren aurrean kalteberak diren gizataldeei laguntzen dieten erakundeei (ospitaleak, adinekoen egoitzak, arreta zentroak, erlijio zentroak); eta 52.500 kg elikagai eman dizkie presentzia duen hiru autonomia erkidegoetan dauden elikagaien bankuei.

Nortegasek Covid-19aren krisiak haren jardunean eragin txikia izatea espero du, konpainiaren zerbitzuak eta likidotasun egoera sendoa kontuan hartuta. Konpainiaren diru-sarreren % 99 erregulatuta dago eta ez da aurreikusten gas naturalaren eskarian edo prezioan eraginik izango duenik.