Acuerdo Nortegas Kutxabank
15 Urri 2020

Nortegas Kutxabankekin elkartu da bezeroei gas-instalazioetarako finantzaketa eskaintzeko

  • Banatzaileak akordio bat lortu du Kutxabankekin, azken bezeroek gas naturalaren instalazioak finantzatu ditzaten bere enpresa laguntzaileen bidez
  • Akordio horren bidez, hala eskatzen duten bezeroek lehentasunezko finantzaketa-baldintzak eskuratuko dituzte
  • Horrela, beren eragin geografikoko eremuetako gizarte- eta ekonomia-egiturarekiko konpromisoa berretsi dute konpainia biek

Nortegasek, gas naturalaren estatuko bigarren banatzaileak, hitzarmen bat sinatu du Kutxabankekin, lankide dituzten enpresa instalatzaileek azken bezeroei finantzaketa-lerro bat eskaintzeko aukera izan dezaten.

Horrela, Nortegasekin egunero lan egiten duten tokiko enpresek, enpresa txiki eta ertainek eta autonomoek beren bezeroen eskura epekako ordainketa-sistema bat jartzeko aukera izango dute. Sistema horrek lehentasunezko baldintzak izango ditu eta, kasu askotan, etxeetan energia-hobekuntzak egitea ahalbidetuko dute.

Nortegasek presentzia duen eremu geografikoetako enpresa-, ekonomia- eta gizarte-egiturarekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da ekimen hori. Era berean, banatzaileak gas naturalaren erabilera bultzatzen jarraitzen du, energia iraunkorra eta ekonomikoki lehiakorra eskuratzeko erraztasunak eskainiz.

Kutxabank erreferentziazko enpresa da, Bankuaren estrategian eta kudeaketan ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-irizpideak txertatzen dituelako (ESG). Gaur egun, energia elektriko berdea baino ez du kontsumitzen, saldo positiboari eusten dio bere karbono-aztarnan eta finantza-jarduerarako behar diren energia eta materialen kontsumoak minimizatzen ditu.

Azken bezeroek finantzaketa hori eskura dezakete, beren banketxea edozein dela ere, eta ordainagiria beren ohiko bankuan helbidera dezakete. Zerbitzu horren barruan, Kutxabankek telefono bidezko zerbitzurako linea esklusiboa eskaintzen die enpresa laguntzaileei, zalantzak argitzeko edo eragiketak izapidetzeko ordutegi zabala duena. Izapidea % 100 online egin daiteke, erakundearen plataformaren bidez, eta epe laburrean; hala ere, kudeaketa horiek aurrez aurre egiteko aukera ere eskaintzen du Kutxabankek.

Javier Contreras Nortegaseko kontseilari delegatuak adierazi duenez: “Hitzarmen hau sinatzeak etxeko ongizatea hobetzen duten instalazioak edo lanak finantzatzeko aukera ematen die bezeroei, eta, era berean, erregai kutsagarriagoak ordezkatuz deskarbonizazioari laguntzen dio, beraz, Nortegasek trantsizio ekologikoarekin duen konpromisoa agerian dago, hori baita konpainiak etorkizunerako duen estrategiaren oinarrietako bat. Etengabe lan egiten dugu gizarte- eta enpresa-egiturari balioa ematen dioten ekimenetan, eta harro egoteko modukoa da hori Kutxabanken eskutik egitea, gu bezala Euskal Herriarekin lotura historikoa duen finantza-erakundearen eskutik”.

Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko Xehekako Negozioko zuzendari nagusiak adierazi duenez: “Akordioak merkatuan ditugun produktuen katalogo zabala entitateko bezeroetara eta bezero ez direnetara zabaltzea dakar, ingurumenean inpaktu positiboa eragiteko helburuari jarraiki. Kutxabankek aspalditik laguntzen du energetikoki iraunkorrak diren etxebizitzak erosten, etxeetan energia-kontsumoa murrizteko erreformak egiten, energetikoki eraginkorrak diren etxetresna elektrikoak erosten, baita erregai garbiagoek bultzatutako ibilgailuak finantzatzen ere. Horregatik guztiagatik, Nortegasekin sinatutako akordioa beste aurrerapauso bat da ingurumena errespetatzeko estrategia horretan”.