2 mai 2022

NORTEGASEK H2SAREA INAUGURATU DU, GAS NATURALAREN EGUNGO BANAKETA-SAREAN HIDROGENO BERDEA NOLA TXERTATU ERAKUSTEN DUEN LEHEN PROIEKTU NAZIONALA

  • H2SAREA proiektua bakarra da maila nazionalean eta gas naturala banatzeko azpiegituretan hidrogeno berdea modu seguruan txertatzea du xede, hidrogenoaren eta gas naturalaren nahasketa gero eta ehuneko handiagoetan txertatzea, alegia.
  • Iñaki Alzaga Nortegaseko presidentea eta bere kontseilari delegatua den Javier Contreras izan dira inaugurazio-ekitaldian, baita Hidrogenoaren Euskal Korridorearen zuzendaritza batzordeko presidentea den José Ignacio Zudaire ere. Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Igotz López Torre Zamudioko alkatea, Esther Apraiz Derioko alkatea eta euskal industriako kideak n dira bertan.
  • Hidrogeno berdearen banaketa-arloan gidari den konpainia da Nortegas eta hala, egungo energia-arloaren erronka teknologiko esanguratsuenetako bati heldu dio.

Nortegasek, maila nazionalean gas naturala banatzen duen bigarren konpainiak, H2SAREA proiektua inauguratu du gaur. Proiektu horren bidez, gaur egun gas naturala erabiltzen duten azpiegitura eta ekipamenduen mugak aztertzen dira, etxebizitzetan zein instalazio industrialetan, gas natural hori hidrogenoarekin gero eta ehuneko handiagoetan nahasten denean. Gainera, proiektu honen bidez aukera teknologiko berriak garatzen dira, etorkizuneko hidrogenoaren ekonomiaren energia-beharrizanetara egokitzea ahalbidetuko dutenak. Hala, hidrogeno berdearen banaketa-arloan gidari den konpainia da Nortegas, egungo energia-arloaren erronka teknologiko esanguratsuenetako bati heldu baitio.

Iñaki Alzaga Nortegaseko presidentea eta bere kontseilari delegatua den Javier Contreras izan dira inaugurazio-ekitaldian, baita Hidrogenoaren Euskal Korridorearen zuzendaritza batzordeko presidentea den José Ignacio Zudaire ere. Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Igotz López Torre Zamudioko alkatea, Esther Apraiz Derioko alkatea eta euskal industria-arloko kide esanguratsuak ere izan dira bertan.

H2SAREAren aurkezpenarekin, ezinbestekoa den proiektu berritzailea finkatu da, etorkizunean egungo gas naturala erabili eta eraldatu ahal izateko pauso modura. Izan ere, horixe da hidrogenoaren ekonomia garatzeko biderik efizienteena.

Proiektu honen emaitzen bidez, hurrengo pausoak zehaztu eta proposamen zehatzak egingo zaizkie eragile arautzaileei, esperientzia errealak oinarri hartuta. Horrela, eraldaketa hau gauzatu ahalko da.

Nortegaseko presidenteak, Iñaki Alzagak, honako hau adierazi du: “H2SAREA momentuko energia-eraldaketaren parte da. Proiektu honen bidez, Nortegasek aukera teknologiko berriak ikertzen eta garatzen ditu, gure azpiegiturak etorkizun hurbileko energia-beharrizanetara egokitu ahal izateko, hau da, hidrogeno berdera egokitu ahal izateko. Nortegasen konpromisoa irmoa da. Azpiegiturak martxan dituen talde integratu gisa, gure ardura da azpiegitura horiek gizartearen onerako eraldatzea, lurralde nazional osoan aldaketa bultzatuz. Erronka galanta da baina guztiok batera eta elkarlanean heldu behar diogu, energia-eredu garbi eta jasangarria lortzeko bidean nabarmen aurrera egitea ahalbidetu dezaketen proiektuak garatuz eta horietan baterako inbertsioak eginez, energia-eredu horrek, gainera, enplegua sortuko duelako eta gizarteari mesede egingo diolako”.

José Ignacio Zudairek, Hidrogenoaren Euskal Korridoreko presidenteak, zera adierazi du: “Trantsizio energetikoan murgilduta gaude eta azken gertakizunek, hots, Errusiak Ukraina inbaditu izanak, trantsizio hori azkartu baino ez dute egin. Europar gisa, deskarbonizazioa lortzeko helburu nagusia daukagu oraindik, klima-aldaketari aurre egiteko oinarrizko bektorea baita. Horrez gain, azkenaldian beharbada nabarmena izan ez den beste ardatz bati lotuta dago, hots, hornikuntzaren segurtasunari. Testuinguru honetan, hidrogeno berriztagarriaren aldeko apustua guztiz irmoa da oraindik. Hasiera-hasieratik, Euskadik bestelako estrategia bat izan genuen, hidrogenoaren ekonomia ardatz zuen ekosistema bat sortzean datzana, ostean hura garatzeko. Hidrogenoaren Euskal Korridoreaz ari gara. Deskarbonizazioaren erronka gure lurraldean teknologia garatzeko aukera bihurtzeko estrategia da. Gaur aurkezten dugunaren tankerako proiektuak dira estrategia horren erakusgarri. Enpresa bat -kasu honetan Nortegas- buruan duen lankidetza-proiektua dugu hau, hidrogenoa garraiatzeko beharrizanei erantzutea ahalbidetuko duen teknologia garatzeko”.

Honako hau adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak: “Egungo erronka esanguratsuenetako bati heltzen dion proiektua da H2SAREA: aukerak sortzea, energia berriztagarriek hidrogeno ugari sor dezaten eta hidrogeno horrek erabilera desberdinak izan ditzan. Egoitza Euskadin duen hidrogenoaren ekosistema sortuta, aurrera egin ahalko dugu energiaren, industriaren, zerbitzuen eta mugikortasunaren sektoreen deskarbonizazioan. Premiazko beharra dugu hori eta aukera berriak dakartza, teknologikoak zein industrialak. 1.300 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da 2026. urtera bitartean eta 1.340 lanpostu zuzen eta zeharkako 6.700 lanpostu sortuko dituela aurreikusten da. Hala, ongietorria eman nahi diogu proiektu berritzaile honi”. Honako hau ere adierazi du lehendakariak: “H2SAREA proiektuan parte hartzea etorkizunerako apustu estrategikoa egitea da, jatorri berriztagarria duten gasen (biogasa eta hidrogeno berdea, esaterako) banaketa hobetzeko, efizientzia areagotzeko eta ekonomia deskarbonizatua lortzeko ikuspegi osoarekin. Hidrogenoaren Korridorea bezalako proiektuen alde egiten dugu guk, klima-aldaketari aurre egiteko. Lankidetza da etorkizuneko proiektu honen oinarrietako bat. Hala, Euskadi Ebroko Hidrogenoaren Korridorera batu da orain dela gutxi, Nafarroako Foru Komunitatearekin, Aragoirekin eta Kataluniarekin batera. Era berean, Arku Atlantikoan kokapen estrategikoa dugunez eta Frantziarekin ondo konektatuta gaudenez, sinergia berriak lor genitzake Akitania Berriarekin eta Okzitaniarekin. Lurralde edo komunitate guztiok indarrak batzen baditugu eta norabide berean lan egiten badugu, izugarrizko gauzak lortuko ditugu”.

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren HAZITEK programaren parte da eta Nortegas du buruan. Euskal industria-sareko enpresa garrantzitsuak barne hartzen dituen partzuergoaren parte da: ABC Compresores, CAE SL, FIDEGAS, H2Site, Erreka Fastening Solutions eta Orkli. Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologiko nagusien lankidetza du: Tecnalia eta Ikerlan. Era berean, Hidrogenoaren Zentro Nazionalaren lankidetza ere badu, maila nazionalean arlo horretako erreferentea dena.

Proiektu estrategiko eta integratzailea

H2SAREAren helburua da gaur egun gas naturala erabiltzen duten azpiegituren eta ekipamenduen jokabidea aztertzea, etxebizitzetan zein instalazio industrialetan, gasa hidrogenoarekin gero eta ehuneko handiagoetan nahasten denean. Hala, aukera teknologiko berriak garatu nahi dira, banaketa-sarea eraldatzen joateko eta horrela, banaketa-sarea etorkizuneko hidrogenoaren ekonomiaren energia-beharrizanetara egokitzeko.

Gas berriztagarri hori gaur egun gas naturala banatzeko dauden sareetan txertatuta, 8.500 kilometro inguru dituzten azpiegitura batzuk aprobetxatu ahalko lirateke, maila nazionalean 90.000 baino gehiago dituztenak, Nortegasen kasuan. Horrez gain, hidrogenoak ekonomia deskarbonizatzeko palanka gisa duen funtzioa sendotzen lagunduko litzateke, etxebizitzetan zein industrian, eta baita mugikortasun-arloan ere, gaur egun erregai fosilak kontsumitzen dituzten sektoreen eskaerari modurik efizienteenean erantzunez.

Ildo horretatik, hidrogenoa txertatzeko sistemen garapena eta ikerketa, konpresio-sistema aurreratuena, hidrogenorako espezifikoak diren finkapen adimendunen garapena, % 100ean hidrogenoa duten kasuetan zein hidrogenoaren eta gas naturalaren nahasketa aldakorretan erabiltzeko modukoak diren material eta osagai berrien ikerketa, hidrogenoa bereizteko sistema modularrak, sentsoreak, erregailuak, eta abar bultzatzen ditu Nortegasek.

Hidrogenoaren aldeko apustu garbia

H2SAREA proiektuaz gain, Grupo Nortegasentzat, bere negozio-ereduaren ardatz estrategikoetako bat eta eraldaketa-ardatzetako bat da hidrogeno berdea. Hidrogenoaren Euskal Korridorearen parte gisa eta azpiegituren bertikalaren buru gisa, maila nazionaleko lehenengo hidroduktoa egiten ari da. Urte amaieran hasiko da funtzionatzen eta Petronorren findegian 2,5 MW-ko elektrolizadore baten bitartez sortutako hidrogeno berdez hornituko du Abantoko Teknologia Parkeari.

Era berean, Nortegasek hidrogeno berdeari buruzko beste proiektu batzuetan ere parte hartzen du, Benorth2 proiektuan esaterako, White Summit Capital, Castleton Commodities International (CCI), SENER eta Bizkaia Energíarekin batera, estatu mailako lehenengo hidrogeno berdearen planta martxan jartzeko. Planta horrek Amorebieta-Boroako (Bizkaia) ziklo konbinatuko zentralaren azpiegitura aprobetxatzen du.

Asturiasko meatze-arroetan hidrogeno berdearen proiektuak garatzea litzateke beste adibide bat. Toki horietan, Duro Felguera eta Hunosarekin lankidetzan ari da Nortegas. Gas berriztagarri hori ekoiztean, biltegiratzean, garraiatzean, gas naturalaren sarean txertatzean eta mugikortasunaren arloan erabiltzean oinarrituko dira proiektu horiek.

Hala, eraginpeko arloetan abangoardiazko proiektuak bultzatzen jarraitzen du konpainiak, hidrogenoaren balio-katerako aukera teknologikoak lantzen dituztenak barne. Izan ere, hidrogenoa funtsezko energia da energia-sektorea deskarbonizatzeko, gas-azpiegiturak deskarbonizatzeko bereziki.