4 Jun 2018

Nortegas eta Lapatx entitateek lankidetzan jardungo dute gas natural berriztagarria sarean injektatzeko proiektu batean

Nortegasek biometanoa purifikatzeko prototipo bat eraikiko du Lapatxen eraikinetan, gas natural berriztagarria sortzeko eta hori banaketa-sarean injektatzeko.

Bilbo, 2018ko ekainaren 4a.-Nortegas Energía Distribución eta Azpeitiako Urola Erdiko Lapatx Zabortegia erakundeek akordio bat sinatu dute “Hondakinen eta efluenteen balorizazio energetikoa – Smart Green Gas” izeneko I+G+b proiektuan lankidetzan jarduteko. Proiektu hori Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari dagokion Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren (CDTIren) CIEN Programan txertatzen da.

Lapatxek biogasa sortzen duen zabortegi bat du, eta horrek zer nolako energia-potentziala duen jakinik, hainbat sistema aztertu ditu zabortegi horren aprobetxamendu eraginkorra lortzeko.

Nortegasek biogasa purifikatzeko prototipo malgu bat eraikiko du, gas natural berriztagarria sortzeko eta hori konpainiaren banaketa-sarean injektatzeko, eta ondorioz, Lapatxen sortutako biogasa energetikoki balorizatzeko. Horrela, Lapatxek, proiektu berri horrekin, urrats bat gehiago egiten du Balorizazio Zentro modura eraldatzeko.

Enpresa biek lankidetzan jardungo dute aurten purifikazio-prototipoaren landa-probak egiten, Lapatxeko zabortegian instalatuko dena. Proiektu horrekin teknologiarik onena aukeratu nahi da biometanoaren (gas natural berriztagarriaren) aprobetxamendu energetikoa lortzeko eta hori Nortegasko banaketa-sarean injektatzeko.

Biometanoak gero eta garrantzia handiagoa du energia ordezko eta “berde” moduan Europan. Nortegasek egindako proiektuari esker, jatorri berriztagarriko gasa dosifikatuta injektatu daiteke –modu ekonomikoan, inteligentean eta automatikoan– gas konbentzionalarekin nahastu dadin, gas naturaleko banaketa-sareetan erabiltzeko exijitzen diren kalitate-araudia betez.

Nortegas saritu egin dute orain dela gutxi proiektu horrengatik, eta Berrikuntza Saria jaso du “Gasa eta Berriztagarriak” kategorian, International Gas Union (IGU) erakundearen eskutik. Sari hori Washingtonen (AEBan) egingo den Gasaren Mundu mailako Kongresuaren eremuan entregatuko da, ekainaren 25etik 29ra artean.