14 mai 2020

IÑAKI ALZAGA, NORTEGASEKO PRESIDENTE BERRIA

  • Iñaki Alzagak Conrado Navarro ordezkatuko du presidente ez-exekutibo gisa. Azken horrek taldearekiko lotura mantenduko du, Nortegasen sozietate nagusia den Nature Investment-eko kontseilaria izango baita.
  • Iñaki Alzagaren izendapena, Nortegaseko presidente gisa, bat dator konpainiaren hazkunde etapa berri batekin; izan ere, konpainiak, Javier Contreras kontseilari delegatua buru duela, Plan Estrategiko berria garatuko du erregulazio sektorial berriaren baitan eta COVID-19ak sortutako krisiaren osteko berreskurapen ekonomikoaren erronka handiari helduko dio.

Maila nazionalean gas naturala banatzen duen bigarren konpainia da Nortegas eta bere Administrazio Kontseiluak gaur bertan onetsi du Iñaki Alzaga konpainiako presidente ez-exekutibo izendatzea.

Iñaki Alzaga ekonomi eta enpresa zientzietan lizentziatua da Deustuko Unibertsitate Komertzialean. Gaur egun Grupo Noticias-eko presidentea eta Euskalteleko eta Talde Gestión-eko kontseilari independentea da, besteak beste. Iraganean Alzagak erantzukizunezko hainbat postu izan ditu konpainia desberdinetan, hala nola Price Waterhouse, Editorial Iparraguirre eta Euskaltelen, non zuzendaritza batzordeko kide izan baitzen eta estrategia, berrikuntza eta garapenaren arloan zein negozio berriak hasteko arloan funtzioak bete baitzituen.

Nortegaseko Administrazio Kontseiluko presidente berria konpainiarentzat benetan berezia den momentu batean batu da; izan ere, Javier Contreras kontseilari delegatuaren zuzendaritzapean, konpainiak hazkunde etapa berri bati ekin dio, konpainiaren Plan Estrategikoak eta 2021-2026 tarterako erregulazio berriak markatuta. Aurrekoaz gain, COVID-19ak sortutako krisiaren osteko berreskurapen ekonomikoaren erronka handiari heldu beharko diote.

Datozen urteotan merkatuan duen kokapena indartuko du Nortegasek eta karbonorik gabeko ekonomia lortzeko bidean sektoreko erreferenteetako bat bilakatuko da. Momentu honetan, Nortegasek gas naturala eta PGL banatzen die milioi bat bezerori, 8.000 kilometro dituen eta Asturiasen, Kantabrian eta Euskal Autonomia Erkidegoan barrena hedatzen den sare baten bidez.

Lidergo berria

Iñaki Alzaga Nortegaseko presidente ez-exekutibo izendatzearekin batera bukatzen da konpainiak pasa den urtean lidergoa berritzeko hasitako prozesua, Javier Contreras kontseilari delegatu berri gisa izendatzearekin hasi zena, alegia. Era berean, zuzendaritza batzordea eta konpainiako arlo desberdinak berrantolatu dira duela gutxi.

Alzagak Conrado Navarro ordezkatuko du karguan. Conrado Navarrok ibilbide bikaina egin du energiaren sektorean, Iberdrolako exekutibo gisa eta azkenaldi honetan, Nortegaseko presidente ez-exekutibo gisa. Nortegasekiko lotura estua mantenduko du, taldearen sozietate nagusia den Nature Investment-eko kontseilaria izango baita.

“Oso pozik nago Nortegaseko presidente gisa hasiko dudan etapa berriagatik. Nortegasek eskainitako zerbitzuaren kalitatea azpimarratzeaz gain, eta COVID-19aren krisian zerbitzu hori ezinbestekoa dela ikusi dugula kontuan hartuta, 250 profesionalek baino gehiagok osatutako taldearen aparteko gaitasuna eta merituak ere azpimarratu nahi ditut” adierazi du Iñaki Alzagak, Nortegaseko presidente berriak.