5 mai 2022

HIDROGENO BERDEAREN ETA BERE AZPIEGITUREN ALDEKO APUSTUA EGITEAREN GARRANTZIA AZPIMARRATU DUTE NORTEGASEK ETA SEDIGASEK

  • Nortegasek, maila nazionalean gasa banatzen duen bigarren konpainiak, eta SEDIGASek, Espainiako Gas Elkarteak, gas naturalaren azpiegituretan hidrogeno berdea txertatzeari buruzko azterlana egiteko Think Tanka aurkeztu dute Bilbon.
  • Honako hauek parte hartu dute jardunaldian: SEDIGAS, Nortegas, Energiaren Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuordetza, Petronor, Redexis, Nedgia eta White Summit Capital
  • Parte-hartzaileek gure herrialdeko gas-azpiegituren eta gas-sare zabalaren potentziala gailendu dute, baita hidrogeno berdeak trantsizio energetiko efiziente eta ekonomikoa lortzeko duen gaitasuna ere, hornidura bermatuz eta jasangarritasunari eutsiz.

Nortegasek, maila nazionalean gasa banatzen duen bigarren konpainiak, eta SEDIGASek, Espainiako Gas Elkarteak, gas naturalaren azpiegituretan hidrogeno berdea txertatzeari buruzko azterlana egiteko Think Tanka aurkeztu dute asteazken honetan, Bilbon. Bilbon egindako topaketan, hidrogeno berdea txertatzeko proiektuaren aldeko egungo apustuaren, indarrean dagoen araudiaren eta gure herrialdean hidrogeno berdea guztiz garatzeko egin beharreko araudi-aldaketen inguruan aritu dira, baita energia-iturri berriztagarri horren erronka teknologikoez ere.

Honako hauek parte hartu dute jardunaldian: Joan Batalla, SEDIGASeko presidentea; Javier Contreras, Nortegaseko kontseilari delegatua; Íñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia eta Mikel Amundarain, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea, Think Tanka osatzen duten gainerako enpresen ordezkariez gain, hala nola Petronor, Redexis, Nedgia eta White Summit Capital.

Parte-hartzaileek gure herrialdeko gas-azpiegituren eta gas-sare zabalaren potentziala gailendu dute, hidrogeno berdea beharrezko kontsumo-puntuetaraino eramateko gai izango bailitzateke. Ildo horretatik, Think Tankak hidrogeno berdea gas naturalaren sarean txertatzeko aukera ezagutzera eman nahi du, trantsizio energetiko efiziente eta ekonomikoa lortzen laguntzeko aukera erreala baita, hornidura bermatuz eta jasangarritasunari eutsiz. Jardunaldian blendingaren arloan indarrean dagoen araudia ere ebaluatu da, Estatu mailan zein Europa mailan indarrean dagoena, alegia.

SEDIGASek eta bere kideek martxan jarritako ekimenaren parte dira jardunaldi hauek. Hain zuzen ere, ekimen horrek administrazioekin informazioa trukatzeko eta dibulgaziorako topaketa-espazioak sortzea du xede, Think Tankaren bidez egindako lana ezagutzera emateko. Era berean, gure herrialdean hidrogeno berdeak energia-iturri gisa izandako garapenari buruzko informazio tekniko eta juridikoa eman nahi da.

Izaskun Gorostiagak, Nortegaseko Merkataritza Garapenerako eta Negozio Berrietarako zuzendariak, zera adierazi du: “Hidrogeno berdea sortzeko eta banatzeko gaitasun izugarria duen herrialdea gara.

Horri heldu behar diogu, datozen urteetan errealitate bihurtzeko. Horretarako, eragile esanguratsu guztiengana heldu behar gara, publikoak zein pribatuak, egiazko proiektuak garatzen laguntzeko. Espainiaren etorkizuna, energiaren aldetik, oparoa izango da, baina datozen urteetan errealitate bihurtzeko mekanismoak abiarazi behar dira”.

Joan Batallak, SEDIGASeko presidenteak, honako hau adierazi du: “Egungo egoera ezin hobea da jatorri berriztagarria duten gasen alde egiteko, oro har, eta hidrogeno berdearen alde egiteko, bereziki. Gure herrialdeak baditu azpiegiturak, enpresek energia-iturri hori garatzeko eta horretan inbertitzeko gogo handia dute eta Europak bere energia-burujabetasuna indartu behar du, energia berriztagarrien alde eginez. Administrazioen anbizioa baino ez dugu behar, araudi-esparrua gure alde izateko eta gas berriztagarrien potentziala ustiatu ahal izateko”.