planta de hidrógeno verde
3 Aben 2020

Estatu mailan dauden azpiegituren aprobetxamendua areagotzen duen hidrogeno berdearen lehenengo planta 2022tik aurrera martxan egongo da Amorebieta-Etxanon

  • White Summit Capitalek, Castleton Commodities Internationalek (CCI), Nortegasek, SENERek eta Bizkaia Energíak estatu mailako hidrogeno berdearen lehenengo planta jarriko dute martxan, 20 MW-ko potentziarekin. Amorebieta-Etxanon (Bizkaia) dauden azpiegituren aprobetxamendua areagotuko da horrela eta bestelako abiadura eta lehiakortasuna eskainiko dizkio proiektuari.
  • Urtean 1.500 tona hidrogeno berde sortzea da helburua, % 100ean berriztagarriak diren iturrietatik. Horrela, atmosferara 1.200 tona CO2 baino gehiago isurtzea ekidingo da.
  • Sortutako hidrogeno berdearen parte bat Bizkaia Energiaren ziklo konbinatuko plantan erabiliko da. Hain zuzen ere, planta horren ondoan egongo da hidrogeno planta berria, ohiko jardunaren CO2 isurpenak murrizteko xedez. Gainera, Nortegasen egungo banaketa-sarean txertatutako da hidrogenoa, gas naturalarekin nahastuta, egungo energia-kontsumoen parte bat deskarbonizatuz.
  • Proiektu hau aitzindaria da estatu mailan eta 50 milioiko inbertsioa egin beharko da hasieran. Inbertsio horri esker, planta martxan egon ahalko da 2022. urte amaierarako eta 2030. urtea baino lehen 200 MW-ko ekoizpen gaitasuna lortzea da asmoa, 300 milioi euroko inbertsioarekin, guztira.
  • Gainera, plantak enplegu iraunkorra sortuko du eskualdean, egun Boroan dauden instalazioei ohiko jardunaz haratago doan etorkizuna emango baitzaio.

White Summit Capitalek, trantsizio energetikoan espezializatuta dagoen azpiegituren inbestitzaileak; Castleton Commodities Internationalek (CCI), mundu mailako oinarrizko produktuen liderrak eta Bizkaia Energíaren akzio-gehiengodunak; Nortegasek, estatu mailako bigarren gas-banatzaileak; SENERek, Espainiako ingeniaritza eta teknologia talde nagusietako batek; eta Bizkaia Energíak, hidrogeno berdearen lehenengo planta jarriko dute martxan. Ohiko ekoizpena duen zentral baten azpiegiturak eta gasa estatu mailan banatzeko sarearen azpiegiturak aprobetxatuko dira horretarako, Amorebieta-Etxanon (Bizkaia).

Proiektu honen bidez, hidrogeno berdearen planta bat garatuko da, 20 MW-ko potentziarekin, Amorebieta-Boroan dagoen ziklo konbinatuko zentralaren (CCGT) gas- eta elektrizitate-azpiegiturak aprobetxatuz. Urtean 1.500 tona hidrogeno berde sortzea da helburua, % 100ean berriztagarriak diren iturrietatik, jatorriaren ziurtagirien eta PPA izenekoen bidez (Power Purchase Agreements). Horrela, atmosferara 1.200 tona CO2 baino gehiago isurtzea ekidingo da.

Sortutako hidrogeno berdearen parte bat Bizkaia Energíaren gas bidezko plantan bertan erabiliko da, CO2 isurpenak murrizteko. Gainera, Nortegasen egungo banaketa-sarean txertatutako da hidrogenoa, gas naturalarekin nahastuta, egungo energia-kontsumoen parte bat deskarbonizatuz.

Hidrogeno hori tokiko industrian H2 hornidura-beharrizan espezifikoei erantzuteko ere erabili ahalko da neurri batean, edo garraiagailu kimikoen bidez hidrogeno likidoa biltegiratzeko.

Azkenik, H2 zerbitzugune bat jarriko da (hidrogenera bat), tokiko ibilgailu astunen flota publiko-pribatuen garraio-beharrizanei erantzuteko, hidrogenoarekin funtzionatu ahalko baitute.

Zentralaren kokapen estrategikoari esker eta proiektuak eskaintzen dituen lehiakortasun abantailei esker, ekoiztutako H2-aren parte bat esportatu edo balorizatu egin liteke, Europako beste herrialde batzuei jatorriaren ziurtagiriak salduz.

Proiektu hau biki-eredu digital baten bidez garatuko da eta aitzindaria da estatu mailan. Gainera, ezaugarri horiek dituen lehenengo proiektua da, hidrogenoa energia-iturri iraunkor gisa eta Espainiako energia-sektorearen deskarbonizazio-prozesurako gako gisa garatuko duena. Horretarako, 50 milioiko inbertsioa egin beharko da hasieran. Inbertsio horri esker, planta martxan egon ahalko da 2022. urte amaierarako eta 2030. urtea baino lehen 200 MW-ko ekoizpen gaitasuna lortzea da asmoa, guztira 300 milioi euroko inbertsioa eginez.

Plantak enplegu iraunkorra sortuko du eskualdean, egun Boroan dauden instalazioei ohiko jardunaz haratago doan etorkizuna emango baitzaio.

Hidrogeno berdea, deskarbonizaziorako palanka

Aipatutako enpresek gas berriztagarri honen garapena bultzatzearen alde hartutako konpromisoaren erakusgarri da proiektu hau, trantsizio energetikoan funtsezkoa izango den produktu energetikoa baita. Europako Batzordeak eta Gobernuak deskarbonizaziorako palanka izango dela diote eta hidrogenoaren inguruko ikerketek eta proiektuek energia-mailan haren onurak aprobetxatzeko aukera bikaina eskainiko digute.

Hidrogeno berdea energia-iturri berriztagarrietatik lortzen da eta beraz, energia % 100 garbia da, isurpenik gabea, erretzen denean ur-lurruna baino ez baitu askatzen. Haren ezaugarri nagusietako bat da erraz moldatzen dela, etxean zein industrian erabili daitekeelako. Gainera, erraza da hura biltegiratu eta garraiatzea eta beraz, narriatu gabe erabili daiteke beste momentu eta tokiren batean. Era berean, hidrogenoa banatzeko ez da azpiegitura zerotik sortu behar, Nortegasena bezalako banaketa-sareak aprobetxatu baitaitezke hidrogenoa banatzeko. Horrela, errazagoa da hidrogenoa garatu eta zabaltzea, aurretik zeuden azpiegiturak ahalik eta gehien aprobetxatuz.

Amorebieta-Etxanoko plantaren proiektuaren tankerakoek indartu egiten dute Espainiak Europan hidrogeno berdea ekoizteko eta ustiatzeko funtsezko eragile gisa duen egitekoa.