Ugao Miraballes
16 Aben 2019

Energiaren Euskal Erakundeak eta Nortegasek gas naturalaren adimendun sareen Europako lehenengo irtenbide integrala bultzatu dute

Nortegasek eta EEEk sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker, Bidegas jarri da martxan, instalazioen segurtasuna eta gas naturalaren kontsumoaren eraginkortasun energetikoa hobetzea ahalbidetuko duen irtenbide integrala.

Nortegasek 1.000 kontagailu adimendun jarriko ditu Ugao-Miraballesko Udalaren laguntzari esker. Horrela, kontagailuen titularrek une oro kontrolatu ahalko dute kontsumoa eta aldi berean, denbora errealean monitorizatu ahalko da bezeroen instalazioen segurtasuna”

Ugao-Miraballes, 2019ko abenduaren 16a.- Energiaren Euskal Erakundeak eta Nortegasek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, Euskadin sare adimendunak sustatzeko xedez. Hitzarmen horren baitan sortu da Bidegas, apurka-apurka Euskal Autonomia Erkidego osoan kontagailu adimendunak jartzen joatea ahalbidetu lezakeen proiektua. Ugao-Miraballesen gauzatuko da lehenengo esperientzia.

Nortegasen sare adimendun berriak elektronika- eta telekomunikazio-elementuak ditu, gas naturala hornitzen duten konpainiei zein bezeroei funtsezko informazioa emateko aproposak direnak. Horrela, kontsumoa modu eraginkorragoan eta seguruagoan kudeatu ahalko da eta horniduraren kalitatea eta bezeroei eskaini beharreko zerbitzua hobetuko ditu.

Nortegaseko kontseilari delegatuak, Javier Contrerasek, proiektu honek izandako bilakaerarekin pozik dagoela eta bere ustez “Nortegasentzat oso itxaropentsua dela” adierazi du, “guk dihardugun inguruan hartutako konpromisoa indartzen duelako eta hala, instalazioen segurtasuna eta eraginkortasun energetikoa nabarmen hobetzen laguntzen duelako, horiek izanik gure konpainiaren ADNan daramatzagun bi helburu. Eta hauek, zalantzarik gabe, berri onak dira guztiontzat”. Bestalde, Contrerasek azaldu du “konpainia berrikuntzarekin guztiz konprometituta dagoela, etorkizun eraginkorragoa izateko bidea errazten duten irtenbideak bultzatzeko, etorkizunean gas naturala izango baita trantsizio energetikoaren gakoa. Eta proiektu honek helburu hori lortzeko bide onetik goazela erakusten du”.

Ugao Miraballesko alkateak, Ekaitz Mentxakak, “gas-zerbitzuaren kudeaketa hobetuko duen sistema digital honen ezarpen digitala, zalantzarik gabe, Ugao-Miraballeserako oso berri ona dela” azpimarratu du. “Ugaotarrak zaintzearen eta haien segurtasunaren alde egitea da Udalaren jardun politikoa markatzen duten lehentasun handienetako bat. Guk badakigu garapen teknologikoa funtsezkoa dela zenbait sektoretan, energiaren sektorean, esaterako. Teknologiak bizitza errazteko balio du eta jarduketa honek, eraginkortasunaren alde eta zerbitzuaren kalitatea hobetzearen alde egiteaz gain, Ugao-Miraballesko etxebizitzen segurtasuna indartzeko ere balio digu”.

Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusiak, Iñigo Ansolak, “energiaren kontsumo eraginkorra lortzea ahalbidetzen duten” teknologietan aurrera egitearen garrantzia azpimarratu du eta zehazki, gas naturalaren kasuan, kontagailu adimendunak eta “kontsumoaren segurtasuna eta kontrola bermatzen duten” sistemak planteatu ahal izatea aurrerapauso handia dela adierazi du. Gas naturalak Euskadin duen garrantzia ere gogora ekarri du Ansolak, “beste energia-eredu bat lortzeko trantsizio-energiaren iturri delako eta garrantzitsua delako ahalik eta kontsumo eraginkorrena egitea”.

Nortegasek proba pilotu bat abiarazi du Ugao-Miraballesen. Lau hilabetetik sei hilabetera bitarteko iraupena izango du eta epe horretan, udalerri horretako bizilagunak izango dira Europa mailan gas-sare adimendunak erabiltzearen lehenengo onuradunak.

Hala, proba pilotu honetan, Nortegasek udalerriko titular bakoitzaren gas naturalaren kontagailua kendu eta haren ordez kontagailu adimenduna jarriko du, doan. Horrela, konpainia hornitzaileak informazioa jasoko du denbora errealean, bezeroen instalazioetan esku hartzeko beharra edo balizko arrisku-egoerak berehala hautemateko.

Gainera, instalazio motaren arabera, Nortegasek metano-sentsoreak eta/edo karbono monoxidoaren sentsoreak jarriko ditu etxebizitzetako sukaldeetan, balizko gas-ihesak eta galdararen errekuntza desegokia hautemateko xedez.

Azkenik, mugikorreko aplikazio sinple baten bitartez, bizilagunek Nortegasekin bi norabidetan komunikatzeko plataforma izango dute. Alde batetik, aplikazioaren bitartez energia eraginkortasun handiagoz erabiliko dute, hobeto ezagutu eta kontrolatuko baitituzte haien kontsumoak; bestetik, jakinarazpen interesgarriak jaso ahalko dituzte, segurtasun gomendioak edo hurrengo ikuskapen-bisiten inguruko jakinarazpenak, esaterako. Amaitzeko, haien instalazioetan edo Nortegasen sarean izandako edozein gorabeheraren inguruko informazioa izango dute online, berehala eta xehetasun osoz.

Gorabehera horiek hautemateko, konpainiak gasaren eguneko gehienezko kontsumo-bolumenari lotutako alarmak programatu ahalko ditu, bezeroei has-horniduraren inguruko alarmen berri eman ahalko die eta urrutitik jardun ahalko du kontagailuaren balbulan. Azken hori gasaren kontsumoan anomaliak daudenean, (kontsignaren gaineko balioak, ihesen edo balizko arriskuaren frogak), instalatutako sentsoreek barrutian metanoa/CO dagoela antzematen dutenean edo beste zerbitzu horiek balbula horretan zerbait egin behar dutenean egingo litzateke.